Urteak daramatzat, bizitza osoa esango nuke, gizakia bera, lurra eta natura nolabait lotu nahian. Horren harian, pertsona bere ingurune eta egoerarekin batzeko asmoak bultzatu nau hainbat dokumental eta ikus-entzunezko egitera.
Beti kezkatu izan naute pertsonen arteko harremanak eta pertsona eta naturaren artekoak, eta harreman horiek, hain justu, aberatsak eta zintzoak izan zitezen saiatu izan naiz, eta, orain ere, halakoak izan daitezen arduratzen naiz.
Txikitatik, nire inguruko baserriak, familiak eta baserri eta mendiko bizimoduak jakin-min berezia sorrarazi izan dit, eta interes hori etengabe presente egon da nire bizitzan.
Geroxeago sortu zitzaidan hemendik kanpo, urrunago dauden herriak eta mendiak ezagutzeko grina. Niretzat, lekuan lekukoekin izandako harremana da, denboran zehar eta orain ere bai, inoiz agortzen ez den aberastasun iturria.
Umiltasuna jarrera kontua da. Xumea izatea, ezberdintasuna ulertzea eta abegikor jokatzea dira gakoa besteen etxeetara eta bihotzetara sartzeko. Eta bestea zuregan etxeko sentitzeko.
Lizarrusti bihurtu zait gaur egun nire etxe, eta babesleku honetatik idazten dizkizuet orain hitz hauek.
Lizarrustiko aterpe eta etxe hau, zuen aterpetxe sentitzera gonbidatzen zaituztet.
Lizarrusti, ataundarren, etxarriarren eta arbizuarren bilgune, baita beste gipuzkoar eta nafarrena ere. Oro har, euskaldun edo atzerritar, baserritar edo kaletar, edonoren etxe izatea nahi genuke.
Ateak, lagun, zabalik dituzu.
Ongi etorri !!!
Joxe Ramon Agirre "Marron"
Aralar Parke Naturaleko Interpretazio eta Harrera Zentroa. Sentsazio gela deritzana dago bertan, bisitarien sentsazioak pizteko eta Aralarko Parke Naturalean aurki dezaketenaren ideia bat nolabait jasotzeko helburuarekin osatutakoa. Besteak beste, mendiko ibilbideei buruzko informazioa biltzen duen gela eta jolaserako aisialdi gela bat ere badira bertan.
Gure instalazioak (34 pertsonarentzat guztira):
Astean zehar eguneko menua eta asteburuetan menu berezia. Bertan prestatutakoa, etxean bezala bazkaldu ahal izateko.